Keinu batek ezer alda ez
zezakeela zioten. Gauzak diren modukoak direla, ezin daitezkeela
irauli, halakoa dela euren egoera "naturala". Beltzek ezin
zurien alboan jesarri. Gose direnak ezin soberan duenarena dena uki.
Gazteak ezin amestu. Determinazioz eginiko hautu batek ordea aldaketa
ekarriko duen mugimendua piztu dezake. Autobuseko eserlekutik ez
altxatzea erabaki zuen Rosa Parks-ek eta arrazagatiko
bereizkeriarekin bukatuko zuen mugimendua gorpuztu zen atzetik.
Supermerkatuan ostutako janaria behar zutenei banatzea erabaki zuten
SATeko kideek Supermerkatuan ostutako oinarrizko elikagaiak beharra
zutenen artean banatzean sistema kapitalista ankerraren aurpegia
erakutsi ziguten. Gazteak kartzelatzea kostako zitzaiela irmoki esan
eta herri harresiaren lehen harria jarri genuen Donostian. Borrokak
ez duela ezertarako balio esaten digute behin eta berriz geldirik
nahi gaituztenak. Gu zapaltzen jarraitzeko geldirik nahi gaituztenak.
Baina gure borreroek sumiso nahi bagaituzte ez al da mugitzea
zentzuzkoena? Keinu batekin hasten da dena.
Diskurtso bera dute krisia
aitzakiatzat hartu eta egunez egun geroz eta bizimodu miserable eta
prekarioago batera kondenatzen gaituztenak. Etorkizunik gabeko
gazteria garela entzuten dugu gau eta egun. Hedabideetan hala diote.
gurasoek ere horixe esaten digute. Baina nola? Gure oraina
prekarizatu eta geroa suntsitzen ari dira, eta onartu egin behar
dugu? Estatu espainiarrarentzako zein EAJ eta UPNrentzako eskulan
merkea baino ez gara. Enpresak diruz laguntzen dituzte gazteak aldi
batez, soldata miserableen truke kontratatzeagatik. Hori da guretzako
duten eskaintza bakarra. Gure mesedetan egiten omen dute. Baina
halako neurriek enpresariak zerrien pare loditzen jarraitzea dute
helburu. Argi dago agintari politikoek ez dutela aldaketarako
borondate eta asmorik. Geroz eta kapitalismo basatiagoa ezartzea da
euren lan orrietan duten bakarra. Gainera, EAJ eta UPNren hautuek ere
Estatuaren neurri neoliberalekin hondoratzera kondenatu dute Euskal
Herria. Herri gisa gure eredu propioa erabakitzeko eskumenaren alde
lan egin beharrean, Estatu Espainiarraren morrontza kokatu gaituzte
negozioa eta boterearen truke. Eta hori hala, herritarrak gara
aldaketarako giltza. Guk egin ezean, bestelako eredu baten alde
borrokatu ezean honek okerrera baino ez du egingo; Pribatizazioa
areagotu, prekarietatea geroz eta sektore zabalagoetara hedatu eta
soberan dutenen eta beharra dutenen arteko aldea gero eta nabarmenago
handitu. Horixe da eskaintza. Hezkuntza, osasuna, etxebizitza... luxu
bilakatzen ari dira, sendi eta norbere etorkizuna ere luxu bihurtuko
dutelarik.
Egoera erasokor honetan, miseriaren sinonimo izan aurrez, gure oraina eta geroaren gaineko erabakiak hartu behar ditugu. Geurea den heinean, geure esku dago zein norabide hartzea nahi dugun. Herri eta gazte gisa erabaki eta eraiki behar dugu. Exijitu ditzagun dagozkigun eskubide eta eskumenak:
Egoera erasokor honetan, miseriaren sinonimo izan aurrez, gure oraina eta geroaren gaineko erabakiak hartu behar ditugu. Geurea den heinean, geure esku dago zein norabide hartzea nahi dugun. Herri eta gazte gisa erabaki eta eraiki behar dugu. Exijitu ditzagun dagozkigun eskubide eta eskumenak:
Lan politika berria:
- Lan ordu gutxiago guztiok lan egin ahal izateko.
- Prekarietateari, lanaren ondoriozko gaixotasunei eta lan istripuei amaiera emango dieten kalitatezko enpleguak sortu.
- Zerbitzu publikoak sustatu enplegua sortze bidean.
- Soldatak hobetu bizi baldintza duinak izateko.
- Pertsona guztiok lan baldintza berdinak izatea: adin, arraza, genero, ezintasun, nazionalitate edota joera sexualean oinarritutako diskriminazioarekin amaituz.
- Jubilatzeko adina aurreratu, lan postua berriak sortzeko.
Eskubide sozialak:
- Laguntza sozial duinak izatea langabezi eta pobreziari aurre egiteko.
- Esparru orotan pertsona guztien eskubide sozialak bermatuko dituen sistema publikoa ezarri: etxebizitza politikan, osasunean, hezkuntzan, babes sozial, gizarte zerbitzu, kulturan eta abarretan finantzazio publikoa handituz.
- Etxebizitza eskubidea bermatu pertsona orori: horretarako, alokairuzko etxebizitzen sare publiko bat sortu eta etxe hutsen berrerabilpena lehenetsi. Alokairu pribatuak dirauen artean, ezinbestekoa da prezio muga bat jartzea alokairu horiei.
Aukera berdintasuna:
- Lan erreproduktiboaren balio soziala aitortu eta lan produktiboak bezain besteko eskubideak izan.
- Lan publiko zein pribatuaren banaketa parekidea.
- Aberastasunaren banaketa orekatua izatera bidean politika fiskala aldatzea; hala, bakoitzaren ondasun eta diru sarreren araberako zergak ordainduz eta asko duenak gutxiago duenak baino gehiago emanez.
Jendarte demokratizazioa:
- Herritarren parte hartzea sustatu eta bermatu arlo ekonomiko eta sozialean.
- Ingurumena errespetatu eta zainduko duen garapen sozioekonomikoa sustatu.
- Elikadura osasuntsu eta jasangarri bat izatera bidean, elikadura subiranoa sustatu.
Maiatzaren lehena igaro da
eta hile amaieran sindikatu eta eragile sozialek deitutako Greba
Orokorraren txanda izango da. Baina gure ahaleginak egun huts
horietara soilik bideratzen baditugu, alferrik gabiltza. Maiatzaren
2an ere 1ean bezain beste dugu eraikitzeko. Borroka alferrikakoa dela
diotenei, borroka alferrikakoa dela (sin)etsita bizi direnei,
nahasiak daudela erakutsiko diegu. Elkarrekin antolatuz, eskuz esku
borrokatuz, erabakiak determinazioz hartu eta garatuz, aldaketari
ekingo diogu. Gauzak ez dira diren moduak izatez, bizi eredua eraiki
egiten da. Noren esku utziko dugu eraikuntza? Miseriarantz
garamatzatenen esku ala gutako bakoitzaren esku? Izan gaitezen
osotasunean geure bizitzen jabe.